Hostoak
‘Hostoak’ kantua, musika eta dantza bateratzeko proiektua da.
Oreka TX-ek, Kukai Dantza Taldeak eta Amaren Alabak abeslari polifonikoek bat egin nahi izan dute hizkuntza artistiko arteko elkarrizketa honetan.
Azpimarratzekoa da artista horiek guztiak ereduzkoak direla bakoitza bere diziplinan, euskal kulturaren tradiziotik abiatuta, eraldatu eta gaur egungo planteamendu garaikideak garatu dituzten neurrian.
Ikuskizun eszeniko horren bitartez, musika eta kantua dantzaren inguruan uztartzen dituzte. elkarren arteko jolasean murgil daitezen. Hala, musika-tresnak dantzaren koreografien parte dira, eta kantari eta musikariek, berriz, txalapartaren makilen antzera egiten dute dantza.
Ikuskizunaren izenarekin kultura eta natura arteko jokoa egin nahi izan da, tradizio edo sustraietatik ikusgarriago diren hostoetara dagoen bidea azaleratuz. ‘Hostoak’ proiektua euskal tradizioan dago sustraitua, baina enbor horretako adarretatik askotariko itxura, kolore eta motatako hostoak sortuko dira, mota askotako sentsazio eta emozioak sortuz.