TXokoaldeko TXalaparta TXokoa
TX TX TX Usurbilgo udalak Txokoaldeko tren geltoki zaharra erabilera berriei irekitzeko deialdian gure proiektua aukeratua izateari esker jarri genuen martxan. Beti landu izan ditugun arloak jorratzen ditugu baina espazio fisiko bat izateak aukerak biderkatzen ditu.
Txokoaldeko lana lau ataletan azal daiteke:
Baga, TXALAPARTARIEN TXOKOA
Txalapartariak elkartzeko espazio irekia da. Material ugari dugu (egurra, harriak, banbuak, toberak, bidoiak, zeramika, teilak etab) gure ibilbidean landu eta aztertu ditugunak eta espazio ireki honetan txalapartariek beren entsegu edo lan ezberdinen prestakuntzarako erabili ditzaketenak.
Biga, SORKUNTZA PROZESUEI LEIHO IREKIA
Gure taldeak burutzen dituen proiektuetan, sorkuntza prozesu multidisziplinar ezberdinak azaltzea eta ikusgai jartzea du helburu.
Txokoalden, sorkuntza prozesuan zehar burutzen ditugun entseguak, topaketak, eraikuntzak, tailerra, etab ezagutzea eskaintzen dugu.
Ikastetxe, kultur talde edo norbanakoak, beren interesaren arabera eginiko eskakizunei erantzunez.
Higa, BISITA GIDATUAK
Usurbilgo udalak martxan jarri dituen ibilbide turistikoek badute lotura zuzena 60. hamarkadan kulturgintza eta sorkuntza garaikideak utzitako ondarearekin eta txalapartaren kasuan, bereziki Artze anaiak egindako lanak sekulako garrantzia izan zuen soinu tresna honen garapenerako.
Eta Txokoalde ibilbide hoietara gehitzea naturala da. Bertan, txalapartaren iragana azalduko dugu, hastapenak, instrumentuaren garapena, baita gaur egun bizi duen hedapena eta musika estilo ezberdinekin duen lotura ere.
Laga, TXOKOALDETIK HARATAGO
Txalaparta eta berarekin batera guk egin dugun ibilbidea azaltzea eta komunikatzean datza, baina kasu honetan, espazio propioa duten lekuetara gu geu gerturatuz. Gure egitasmoa azaltzeko leku apropos eta naturalak iruditzen zaizkigu, espazio bakoitzak duen dinamika propioak, gurearekin bat egiten errazak, alegia.