Silex
Silex ikuskizunean Oreka TXek musika tresna desberdinak harrizko txalapartaren inguruan dantzan jartzen ditu.
Silex harria aurre-historian sua egiteko eta ehizarako tresna zorrotzak egiteko oso baliagarria zen; harriak harriaren kontra talka eginez, geziak, aizkorak edota labanak egiten ziren.
Gizakion garapenean zer esan handia izan du, beraz, harriak. Material hau zorroztuz ikasi genuen bizi erritmoa afinatzen; harria harriaren kontra, talkan, behin eta berriz su-harriaren txinparta lortu arte. Talkan ordea, bada sua ez den beste elementu bat ere: hotsa.
Ibilbide horretan hasi ginen hotsa erritmo bilakatzen, erritmoa melodia eta, azkenik, melodiak armonia. Lan prozesu honetan “afilatzetik” afinatzera dagoen bide hori egin dugu, nagusiki, harrizko txalaparta erabiliz. Beharrizana plazer bilakatuz; eta hotsa, musika.